SDSNko kide diren Euskadiko erakundeetako, hau da, UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak NBEren mundu mailako lehiaketan parte hartzera gonbidatuta daude, trantsizio energetikoari heltzeko. Edizio honetan, 4gunek bi erakundeei lagunduko die eskaera eta hautaketa prozesuan.

Euskampus Fundazioak, 4gune koordinatzen duen erakundeak, lankidetza berriari ekin dio Sustainable Development Solutions Network (SDSN) sarearekin eta Siemens Energy enpresarekin. Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Hezkuntzako gure klusterrak Euskadin unibertsitateek gidatutako klima-aldaketarako soluzioak bultzatzen lagunduko du.

Lehiaketa

‘Universities for Goal 13’ lehiaketa urtero egiten da, Siemens Energy enpresaren babesletzarekin eta Nazio Batuen Sustainable Development Solutions Network (SDSN) sarearekin lankidetzan. Lehiaketaren xedea da ikasleen talentua eta haien rol kritikoa aitortzea, klima-aldaketari eta haren inpaktuei aurre egiteko teknologia berriak eta soluzio berritzaileak bilatzeko. Klimaren aldeko ekintzari buruzko 13. GJHa betetzeko soluzio praktikoak sustatu nahi dira, diziplina anitzeko ikuspegien bidez eta lankidetzan arituz.

SDSNko kide diren mundu osoko erakundeetako hautatutako unibertsitateetako graduko eta graduondoko ikasleek parte har dezakete lehiaketan. Lehiaketan, Siemens Energy eta Siemens Gamesa enpresetako langileen tutoretza izango dute ikasleek, proiektuak sendotzeko. Irabazleak 10.000 dolarreko saria jasoko du eskudirutan, bai eta proiektua gehiago garatzeko eta lankidetzan aritzeko aukerak ere. Gainera, proiektu finalista SDSNren urteko maila goreneko ekitaldietan aurkeztuko da, NBEk irailean New Yorken (AEB) egingo duen Batzar Orokorrean.

SDSNko kide diren hautatutako erakundeen artean honako hauek daude: Tsinghua University, Txinan; Case Western Reserve University, AEBetan; Monash University, Australian; Bucharest University of Economic Studies, Errumanian; 4gune (UPV/EHU & Deustuko Unibertsitatea), Espainian; University of Hamburg, Alemanian; eta Pontifical Catholic University of Rio de Janeiro (PUC-Rio), Brasilen.

Parte hartzeko modua

Lehiaketaren 4. edizioa 2024ko urrian jarri da abian, eta trantsizio energetikoaren mundu mailako gaiari heltzeko diziplina anitzeko soluzio praktikoak garatzeko gaituko ditu ikasleak.

Euskadin parte hartzeko, UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek eskaera inprimaki bat bete beharko dute ingelesez, eta posta elektronikoz bidali 4gune@4gune.eus helbidera 2025eko urtarrilaren 6ra arte.

Lehiaketaren arauak webgune honetan aurki daitezke: Universities for Goal 13.

Albisteak, lotutako berriak