Cyber Surgery enpresa, kirurgia robotiko aurreratuan espezializatua, erakunde aitzindaria da bere sektorean. Talentua erakartzeko eta leialtzeko estrategiaren esparruan, enpresak 4gune + PARKE programan parte hartu du. Irene Martínezek, Cyber Surgeryko HR & Administration Manager-ek, industriarako profil berrien beharraz eta erronka horri erantzuteko Unibertsitatea + Enpresa lankidetzaren garrantziaz hitz egin digu.
4gune: Zer da Cyber Surgery? Zeintzuk dira gaur egun dituzun mugarri eta erronka nagusiak?
Irene Martínez: Cyber Surgery kirurgia robotiko aurreratuari emandako enpresa donostiarra da. 2017an sortu zen start-up gisa, eta gaur egun 36 lagunek osatutako lantaldea du. Lan horren ondorioz sortu da ALAYA, nazio mailan bizkarrezurreko kirurgiarako diseinatutako lehenengo laguntzaile robotikoa, une honetan ziurtagiria lortzear dagoelarik Europako merkatuan sartzeko. Gure lurraldean aitzindari izateaz harro, hainbat arlotako erronkei aurre egin behar diegu. Gaur egun, hauexek dira erronka nagusiak: lehenik, erronka teknologikoak ditugu, produktuaren diseinuarekin eta erabilgarritasunarekin lotuta, betiere azken teknologiara etengabe egokitu behar baita. Bigarrenik, beste erronka garrantzitsu bat “Pertsonen” esparruan. Profil jakin batzuen eskasiak eta erakundeen arteko lehiakortasun itzelak behartzen gaituzte geure marka enplegatzailea lantzera eta estrategia berriak aplikatzera talentua erakartzeko eta fidelizatzeko esparruan. Hirugarren erronka produktuaren arloan dugu. Izan ere, erronka handia izango da ALAYA nazioarte mailan oso lehiakorra den merkatu globalizatu batean sartzea. Kasu guztietan, enpresa bakoitzaren egokitzeko gaitasunak zehaztuko du arrakasta.
4gune: Diziplina anitzeko ikuspegiak behar dituzten faktore anitzeko erronka horietan, zure ustez, zein da Enpresa + Unibertsitatea lankidetzaren garrantzia eta erronka horiei erantzuten laguntzeko duen potentziala?
Irene Martínez: Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko lankidetza funtsezkoa eta ezinbestekoa da ingurune teknologikoetan, izan ere, berrikuntza bultzatzen du, eta ezagutzaren transferentzia eta merkatuaren eskaeretara egokitutako talentuaren garapena ahalbidetzen ditu. Zalantzarik gabe, erronka espezifikoei heltzeko proiektu bateratuak egitearen garrantzia nabarmenduko nuke. Gure kasuan, harro gaude hainbat unibertsitaterekin lan egin izateagatik, horien artean aipagarri direlarik MU, Tecnum, EHU, Alacanteko Unibertsitatea, Chietiko Unibertsitatea eta Imperial College. Zalantzarik gabe, aukera horietan lankidetza sare oso interesgarriak sor daitezke, proiektu zehatzen garapenari eta ikerketari zein langileen prestakuntzari eragiten dietenak. Proiekturen bat egiten hasi diren ikasleen % 50 baino gehiago sartu dira Cyber Surgery taldean.
4gune: Industria eta Unibertsitatea gero eta gehiago nazioartekotzen ari diren esparru globalean, esango zenuke Euskal Unibertsitatearekiko lankidetzan elementu bereizlerik edo balio erantsirik dagoela, nazioarteko unibertsitateekiko lankidetzaren aldean?
Irene Martínez: Kontuan harturik lankidetza mota bakoitzak bere abantailak eta ekarpenak dituela, Euskal Unibertsitaterekiko lankidetzaren kasuan kanpoko unibertsitateak ez duen hurbiltasuna, tokiko kulturan eta testuinguruaren ezagutzan oinarritutako ulermena. Bestalde, tokiko talentuaren garapena sustatzea inguruko enpresen erantzukizuna ere bada.
Unibertsitatea-Enpresa lankidetza sareen sorrerari dagokionez, aldea ere nabarmena da. Soilik ikuspegi logistikotik, aliantza estrategikoak ezartzeko kostuaren edo aukeren ikuspegitik, ez da gauza bera Euskal Unibertsitatearekin edo Finlandiako unibertsitate batekin egitea.
Hori alde batera utzita, enpresak garatu nahi duen proiektu motaren eta emaitza onenak eskain diezazkigukeen proiektuaren araberakoa izango da Euskal Unibertsitate batekin, nazionalarekin edo nazioartekoarekin lankidetzan aritzea. Bizi garen testuinguru globalean, mehatxuak ez ezik, badira baliatzen jakin behar diren aukerak ere.
4gune: Zuen industriaren ikuspegitik, zer bilakaera izan behar du Unibertsitateak sektorearen eskaerei erantzuten jarraitzeko?
Irene Martínez: Argi dago unibertsitateek gaur egun duten erronka dela beren prestakuntza plana etengabe eraldatzen ari den eta azken joeretan eta teknologian egunean egon behar duen industriaren beharretara egokitzea. Gure kasuan AA, big data, irudi medikoa, robotikoa eta beste batzuk nabarmendu nitzake. Baina, erne, dena ez da zientzia eta teknologia. Ez du ezertarako balio teknologia berriak kontrolatzeak eta trebetasun teknikoei dagokienez ondo prestatuta egoteak, bigunak edo softskillak garatzen ez baditugu, horiek baitira erakundeari benetako balioa ematen diotenak.
Bestalde, funtsezkoa da unibertsitateek ikasleei aukera gehiago eskaintzea ikaskuntza praktikoa egiteko, hala nola enpresekin lankidetzan jarduteko proiektuak egiteko, ikasleek beren ezagutzak mundu errealeko egoeretan aplikatzeko aukera izan dezaten.
4gune: Zure ustez, 4gune + PARKE bezalako programek zeresana izan dezakete bilakaera horretan?
Irene Martínez: Inolako zalantzarik gabe. Lehen azaldu dugun bezala, Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko lankidetza funtsezkoa da industriaren erronkei aurre egiteko.
Honakoa bezalako programek aukera ematen digute bi poloak lotzeko eta ikasleek lan esparruan hasteko behar duten ikaskuntza praktikoko ekosistema hori sortzeko.
Txalotu baizik ezin dugu egin 4guneren eta Parkeren ekimena, programa hau abian jartzeko egindako ahaleginagatik eta tokiko talentuaren eta industriaren alde lan egiteagatik.
----
Informazio gehiagorako
Ezagutu 4gune + PARKE Programa - albistea irakurri
Albisteak, lotutako berriak
-
4gune, Europako Regional Skills Partnership berria
4GuneEuropako Batzordeak Gaitasunen aldeko Europako Itunaren 4. urteurrenaren esparruan aitortutako ekimenen artean sartu du 4gune - Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia Klusterra; bai 4gune, bai bere ekosistema lagungarri izango dira Euskadiko talentua eta lehiakortasuna garatzen 2030erako.
-
4gunek bat egin du “Universities for Goal 13” mundu mailako lehiaketarekin
4GuneSDSNko kide diren Euskadiko erakundeetako, hau da, UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak NBEren mundu mailako lehiaketan parte hartzera gonbidatuta daude, trantsizio energetikoari heltzeko. Edizio honetan, 4gunek bi erakundeei lagunduko die eskaera eta hautaketa prozesuan.
-
Aiser Albizu: "Behar sektorialei erantzungo dien lankidetza-eredu berria behar dugu, diziplinartekotasunetik eta kualifikazio handiko talentutik abiatuta.”
4GuneBIOLAN, berriki 2024ko Berrikuntzako Sari Nazionala jaso duena, 4gune + PARKE Programaren lehen edizioan parte hartu duen enpresetako bat da. Elkarrizketa honetan, Asier Albizuk, BIOLANeko CEOk, bere erakundea aurkeztu digu, bai eta Enpresa + Unibertsitatea lankidetzaren ikuspegia ere, konponbideak garatzeko, ezagutza transferitzeko eta talentua erakartzeko.