Turbina eoliko monofasiko baten diseinu eta muntaketa” proiektua #Students4Sustainability programaren 2022/23 deialdian hautatu zen, Siemens Gamesa Renewable Energyrekin lankidetzan. Mondragon Unibertsitateko Energiaren Ingeniaritza Graduko ikasleek gidatu zuten Enpresa + Unibertsitatea lankidetza-proiektua, SGREren eskutik Euskadin energia-trantsizioari laguntzeko.

Mondragon Unibertsitateko Energia Graduko koordinatzailea, Enrique Zarate, eta Energia Graduko seigarren seihilekoaren koordinatzailea, Erik Garayalde, proiektuaren zentro lider gisa izandako esperientzia partekatu dute.


4gune: Zein zen proiektuak erantzun nahi zion lurraldearen erronka energiari dagokionez?

Enrique Zarate / Erik Garayalde: Euskadi nahiko lurralde txikia denez, turbina eoliko handiak instalatzeko espazioa oso mugatua da. Horregatik, aukera egokitzat jotzen genuen formatu txikiko eolikoen teknologia bultzatzea. Horrela, energia modu banatuan sortzen da, sistema elektrikoari fidagarritasun handiagoa eskainiz eta autokontsumoa sustatuz. Autokontsumoa errazten denez, energia-autonomia indartzen da eta ohiko iturriekiko mendekotasuna murrizten da.


4gune: Nola deskribatuko zenukete proiektua eta helburua? Nork osatzen zuen proiektuaren lantaldea?

Enrique Zarate / Erik Garayalde: Horrelako proiektu baten helburua bikoitza da. Alde batetik, ikasleak gaitasun teknikoetan proban jartzea, potentzia txikiko turbina eoliko baten zati nagusiak diseinatuz. Bestalde, diziplina anitzeko proiektuak kudeatzen ikas dezatela, talde baten barruan lana banatzea beharrezkoa denean.

Proiektuan 37 ikaslek hartu dute parte, 6 taldetan banatuta. Talde bakoitzaren barruan, lana gaiaren arabera banatu da, eta alde bakoitza sakontasun handiagoz garatu ahal izan da emandako epearen barruan. Proiektuan zehar, egin beharreko lanetan zuzeneko eragina duten irakasgaiak dituzten irakasleen laguntza ere izan dute.


4gune: Zein izan da proiektuaren ibilbidea, norainokoa, eta zein jarraipena izatea espero duzue?

Enrique Zarate / Erik Garayalde: Proiektuak bi zati nagusi izan ditu. Lehenengoan dorrearen eta palen diseinu mekanikoa egin da, eta 3D inprimaketa erabiliz fabrikatu ahal izan dute. Palak diseinatu dituzte, eta haien geometria definitu dute, baita palek eta haize-sorgailuaren egiturak jasango dituzten esfortzu mekanikoak ere.

Bigarren etapan, alde elektronikoa eta kontrolekoa inplementatu dira. Lehen urrats gisa, turbinaren makina elektrikoa karakterizatu dute, ondoren kontrolaren diseinuan erabiltzen diren parametroak lortzeko.

Hurrengo pausoei dagokienez, proiektu honen jarraipen naturala ingurune kontrolatu batetik, laborategitik esaterako, baldintza errealetan balidatzera eramatea izango litzateke, etxeko sare elektriko batean integratuz.


4gune: Zerk bultzatu zintuzten #Students4Sustainability ekimenaren deialdira aurkeztera eta zein izan da zuen esperientzia hautatutako proiektu gisa?

Enrique Zarate / Erik Garayalde: Ekimenaren berri 4gune plataformaren bidez izan genuen, eta berehala egokitu zitzaigun hirugarren mailako ikasleekin aurrera eramatea buruan genuen proiektuarekin. Nabarmendu nahiko genukeen beste faktore garrantzitsu bat eskaera aurkezteko erraztasuna izan da, bai eta 4guneko ekipoaren eskuragarritasuna eta euskarria ere, proiektuan zehar sortu diren zalantzak argitzeko. Esperientzia oso positiboa izan da eta etorkizuneko deialdietan proiektu berriekin errepikatu ahal izatea espero dugu. #Students4Sustainability-k ez dio soilik Mondragon Unibertsitateko etorkizuneko ingeniariek garatutako proiektu berritzaile bati ikusgarritasuna eman; gainera, uste dugu eragin handia izan duela bere motibazioan eta konpromisoan.


4gune: Zein da deialdi honen elementu bereizlea edo balio erantsia zuen proiekturako?

Enrique Zarate / Erik Garayalde: Ikaskuntza praktikoa eta enpresarekiko hurbiltasuna dira Mondragon Unibertsitatearen ezaugarri bereizgarrietako bi, eta #Students4Sustainability plataforma ezin hobea izan da horiek praktikan jartzeko. #Students4Sustainability-k enpresen testuingurua indartu du ikasleen lanerako, eta gainera, aukera eman digu energia eolikoaren arloan liderra den Siemens-Gamesa enpresaren eskutik egiteko. Horrekin batera, proiektuak emandako laguntza ekonomikoari esker, neurketa-ekipo gehigarriak eskuratu ditugu, eta horri esker, ikasleek gehiago sakondu ahal izan dute turbina eolikoetan energia elektrikoa sortzeko kontzeptu teknikoetan. Laguntza ekonomiko horri esker, halaber, turbinen entseguak haize-tunel batean egin ahal izan ditugu, eta bertan haien funtzionamendua aztertu ahal izan dugu haize-baldintza desberdinetan.


4gune: Nola ulertzen duzue Enpresa + Unibertsitatea lankidetza? Zer esango zeniekete #Students4Sustainability-ren antzeko ekimen bat abiarazteko asmoa duten beste enpresa batzuei?

Enrique Zarate / Erik Garayalde: Lankidetza mota hau, aukera ona da ikasleak industria sektoreko enpresen lan-dinamikara hurbiltzen hasteko.

Antzeko ekimenak aintzat hartzen ari diren beste enpresa batzuei esango genieke Enpresa + Unibertsitatea lankidetza mota hori aukera ona dela empresa bera ikasleen artean ezagutzera emateko. Garrantzitsua da kontuan hartzea, orain ikasle direnak etorkizun hurbilean lan-munduan sartuko direla, eta horiek inguruko enpresei buruz duten pertzepzioa askoz hobea izan daitekeela horrelako ekimenei esker.

 

Informazio gehiago

Turbina eoliko monofasiko baten diseinu eta muntaketa” – Ikusi Aurkepen bideoa

Lankidetza-proiektuak 4gunen – Enpresa + Unibertsitatea Programa

Albisteak, lotutako berriak

  • 4gune Regional Skills Partnership

    4gune, Europako Regional Skills Partnership berria

    4Gune

    Europako Batzordeak Gaitasunen aldeko Europako Itunaren 4. urteurrenaren esparruan aitortutako ekimenen artean sartu du 4gune - Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia Klusterra; bai 4gune, bai bere ekosistema lagungarri izango dira Euskadiko talentua eta lehiakortasuna garatzen 2030erako.

  • Irene Martínez, Cyber Surgery

    Irene Martínez: “4gune + PARKE Programak talentuaren eta tokiko industria aurreratuaren alde lan egiten laguntzen digu”

    4Gune

    Cyber Surgery enpresa, kirurgia robotiko aurreratuan espezializatua, erakunde aitzindaria da bere sektorean. Talentua erakartzeko eta leialtzeko estrategiaren esparruan, enpresak 4gune + PARKE programan parte hartu du. Irene Martínezek, Cyber Surgeryko HR & Administration Manager-ek, industriarako profil berrien beharraz eta erronka horri erantzuteko Unibertsitatea + Enpresa lankidetzaren garrantziaz hitz egin digu.

  • Universities for Goal 13

    4gunek bat egin du “Universities for Goal 13” mundu mailako lehiaketarekin

    4Gune

    SDSNko kide diren Euskadiko erakundeetako, hau da, UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak NBEren mundu mailako lehiaketan parte hartzera gonbidatuta daude, trantsizio energetikoari heltzeko. Edizio honetan, 4gunek bi erakundeei lagunduko die eskaera eta hautaketa prozesuan.