Euskadin aritzen diren energia-sektoreko enpresa nagusietako eta Euskal Unibertsitate Sistemako ingeniaritza-eskoletako ordezkariek parte hartu zuten “Energia-trantsizioaren erronkak eta lan-aukerak Euskadin” ekitaldian, zeina Europar Batasunaren Aste Berdeari lotzen baitzaio.
4gune klusterrak eta Siemens Gamesak antolatu zuten mahai-ingurua ekainaren 8an, Bilboko Udalaren Zabalgune eraikinean. José Ignacio Hormaeche Energiaren Euskal Klusterreko zuzendaria izan zen moderatzailea, eta enpresaren eta mundu akademikoaren alorreko erreferentziazko figurek parte hartu zuten: energiaren esparruak sortzen duen merkatu-aukeraz eta ikasketak bukatu berri dituzten langile espezializatuen beharraz aritu ziren. Ruth Mayoral Euskampus Fundazioko Goi Mailako Hezkuntzako Programen arduradunak eguneko agenda aurkeztu zuen, eta Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi ordezkariak eta Miren Artaraz Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendari eta 4gune klusterreko zuzendariak inauguratu zuten ekitaldia.
4gune-Siemens Gamesa binomioak lehendik ere landu izan ditu bestelako programa batzuk, hala nola Megaprojects eta #Students4Sustainability, unibertsitate-talentua trantsizio energetikoan aurrera egiteko elementu gisa sustatzeko.
Miren Artaraz, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politika eta Koordinazioko eta 4gune klusterreko zuzendaria
Iker Echarri Siemens Gamesako Talentuaren eta Lidergoaren Garapeneko zuzendaria, Leire Hormigo Iberdrolako Talentuaren eta Garapenaren arloko Iparraldeko arduraduna eta María Gaztelu Petronorreko talentu-arduraduna izan ziren mahai-inguruko lehenengo gonbidatuak, eta trantsizio energetikoak lan-merkatuan duen erronkari buruz dituzten esperientzia eta ikuspegiak partekatu zituzten. Iberdrolako, Petronorreko eta Siemens Gamesako ordezkariek adierazi zuten lan-aukera handiak daudela unibertsitate-ikasleentzat eta lanbide-heziketako ikasleentzat energiaren sektorean. Gaur egun, ingeniaritzaren adarretako ikasleen ia % 100ek lan-kontratuak dituzte karrerako hirugarren urtean. Gainera, esan zuten ikasketak bukatu dituzten langileen artean ez dutela sumatu gaitasun faltarik, baina inoiz baino beharrezkoagoa dela, alderdi teknikoa osatzeko, gaitasun bigunak garatzea.
Lehenengo mahai-ingurua: “Energia-trantsizioaren erronkak eta lan-aukerak Euskadin. Enpresa-inguruneko esperientzia eta ikuspegiak”
Lehenengo mahai-inguruaren ondoren, hauek aritu ziren José Ignacio Hormaecherekin batera: Pablo Garcia Bringas, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Nazioarteko Gaietako eta Etengabeko Prestakuntzako dekanordea, Alberto Oleaga, Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako Enpresarekiko Harremanetako zuzendariordea (EHU) eta Nekane Errasti, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko zuzendari akademikoa. Esparru akademikoan dituzten esperientzia eta ikuspegiak partekatu zituzten.
Euskal Unibertsitate Sistemako ordezkariek azaldu zuten energiaren sektoreari lotutako ikasketetan ikasle gutxi matrikulatzen direla, eta horrek kezka sortzen diela. Adierazi zutenez, gazteek ingeniaritza ezagutzarako eta profesionalki garatzeko esparru gisa ez ezagutzea izan daiteke horren arrazoietako bat.
Bigarren mahai-ingurua: “Energia-trantsizioaren erronkak eta lan-aukerak Euskadin. Testuinguru akademikoko esperientzia eta ikuspegiak”
Ekitaldian parte hartu zuten enpresa-eragileek eta eragile ekonomikoek adierazi zutenez, energiaren esparruari lotutako adar zientifiko eta teknologikoetan oro har ikasle gutxi egoteaz gainera, genero-etena da beste arazo nagusietako bat, ingeniaritza-graduetan matrikulatutako ikasleetatik % 30 inguru bakarrik baitira emakumeak. Parte-hartzaileen iritzian, bi arazoetarako konponbidea da goi-mailako ikasketen adar hori genero-ikuspegiarekin bultzatzea gaztetatik, eta arlo hori etorkizunean beren ezagutzak garatzeko moduko lan-ingurune gisa erakustea.
Albisteak, lotutako berriak
-
4gune, Europako Regional Skills Partnership berria
4GuneEuropako Batzordeak Gaitasunen aldeko Europako Itunaren 4. urteurrenaren esparruan aitortutako ekimenen artean sartu du 4gune - Euskadiko Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologia Klusterra; bai 4gune, bai bere ekosistema lagungarri izango dira Euskadiko talentua eta lehiakortasuna garatzen 2030erako.
-
Irene Martínez: “4gune + PARKE Programak talentuaren eta tokiko industria aurreratuaren alde lan egiten laguntzen digu”
4GuneCyber Surgery enpresa, kirurgia robotiko aurreratuan espezializatua, erakunde aitzindaria da bere sektorean. Talentua erakartzeko eta leialtzeko estrategiaren esparruan, enpresak 4gune + PARKE programan parte hartu du. Irene Martínezek, Cyber Surgeryko HR & Administration Manager-ek, industriarako profil berrien beharraz eta erronka horri erantzuteko Unibertsitatea + Enpresa lankidetzaren garrantziaz hitz egin digu.
-
4gunek bat egin du “Universities for Goal 13” mundu mailako lehiaketarekin
4GuneSDSNko kide diren Euskadiko erakundeetako, hau da, UPV/EHUko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak NBEren mundu mailako lehiaketan parte hartzera gonbidatuta daude, trantsizio energetikoari heltzeko. Edizio honetan, 4gunek bi erakundeei lagunduko die eskaera eta hautaketa prozesuan.